XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fundazio izpirituaren indarra azpimarratu nahirik oraino bizirik dirauten 1936ko Nagusiko kideak, Batzar eratu berriko betikide izendatu zituzten; kultur inguruan beste erakundeekin elkarlankidetza sustatu nahiean Nagusian aulki bat eskaini zitzaien honako hauei: Euskaltzaindia, Deustoko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Labayru Institutua, Arabako Aldundiko Kultura Saila, Aranzadi Natur Zientzi Elkartea, Association Lauburu, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteari eta baita Iruñeko Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteari ere aulkia eskaini zitzaion.

Ez zen batere erraza izan Eusko Ikaskuntza berreraikitzea.

Gizon-emakume haien ahalegin eskuzabala eta gogotsua nahikoa ez zela ikusitakoan, irudimenari atea ireki behar zitzaion.

Horren lekuko Eusko Ikaskuntza S.A. argitaldariaren sorkuntza; teorian enpresa pribatu bat besterik ez zen, Elkartearen iharduera kulturalei kobertura juridikoa emateko.

Alabaina, hasierako ezintasun ikaragarri hura gizon-emakume haien adore eta lanerako gogoari esker gaindituak izan ziren eta, Lehendakari eta bere Idazkari Nagusiari esker batez ere.

Ezin izan egokiagoa alde guztietatik begiratuta ere, On Joxe Migel Barandiaranen hautaketa.

Eusko Ikaskuntzari fundazioaren une beretik hain lotua egoteagatik, bere jakintza intelektual eta bere bizi jarrera salduezinagatik, Eusko Ikaskuntzaren legezkotasun historikoa adierazten zuen, eta inor hoberik ez bera baino, euskal kulturarekin hitzarturiko bi belaunaldien artean zubi egiteko.

Bere bideari beti leial, Lehendakari izendatu berria zela, Elkarteak bere iharduerei berrekin ziela adierazi zion begirunez Erregeari, eta gure herriaren helburu tradizionala,..., bere aintzinako nortasuna berreskuratzea da, bere tradizioak, bere ohiturak eta eskubideak, aurreko Erregeek mendez mende aitortu zituzten legez helarazi zion.

Bere adore moral paregabeagatik, balore ziur bat zen guztientzat zalantza eta eztabaida garai zail haietan.

Eta baita horrela ulertu ere bazkideek, hiru aldiz jarraian, hots, 1983,1983 eta 1991ean izendatu baitzuten Ataungo jakintsua Eusko Ikaskuntzako Lehendakari.

Ez zen ordea, garrantzi gutxiagokoa izan Agustin Zumalaberen presentzia Idazkari Nagusi lanetan, hasierako garai haietan bere patrikeratik dirua ere jarria zuen sortzen ziren gastuei aurre egin ahal izateko.

Antolakuntzarako gaitasun aparta eta gogoberoa gainezka zituen gizon hau 1981ean, eta oraino guztiontzat goizegi zenean, betirako joan zitzaigun gure artetik.

Ordurako oso aurreratua zegoen Eusko Ikaskuntzaren finkatze prozesua eta, iadanik bazuen Donostian bulego nagusia.

Hala, Edorta Kortadik bete zuen Idazkari Nagusiaren aulkia; 1982ko urtarrilean Batzorde Nagusiak izendatu eta ordurarte Arte Plastikoen Saileko Lehendakari izandakoa, hain zuzen ere.

Behin Eusko Ikaskuntzaren birfundazioa finkatutakoan, behar beharrezkoa zen Herriko ingurune politiko eta soziokulturalean kokatzeko azterketa bat egitea.

Epe laburrera begiratuta, Lansailen bitartez ikerkuntza eta zabalkuntza iharduera indarberritzea, EINA berreskuratzea eta Eusko Ikaskuntzen Kongresu berri bat antolatzearen aldeko apustua egin zen; epe erdira berriz, euskal kulturaren jakitunak bildu eta lehenengo epealdian Elkarteak izan zuen intelektual sinesgarritasuna berreskuratu.

Apurka-apurka bazkideen zenbatekoa goraka joan zen.

Hasieran Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako Aldundien laguntzarekin, eta gerora Nafarroako Gobernuaren eta baita 1981az geroztik Eusko Jaurlaritzaren bitartez ere; Donostiako egoitza finkatu zen eta Gasteiz, Bilbo eta Iruñean ordezkaritzak ireki.